Nabaizaleok / Iritzia

Nabaizaleok@wordpress.com

Batasun nahiaren oker eta maltzurra

Ez da gaurkoa abertzaleen batasuna eskatzen duen aldarria, baina ikuspegi historiko batetik ez da hain zaharra ere. EAJ sortu zenean, bera zen indar abertzale bakarra eta bere mezu nagusiak dei egiten zien euskaldunei abertzaletasunaren multzora biltzera. Alta, EAJk ez zituen ondo hartu, erakunde gehienetan gertatu ohi den moduan, bere artetik alde egin eta beste alderdi bat sortu zutenak. Epelak entzun behar izan zituzten Jel Batza utzi eta Aberri aldizkariaren inguruan bildu zirenek. 1930ean EAEren banaketaren unean alderdiaren ondasunen banaketak pistolak ere azaleratu zituen. ETA sortu zenean ere jeltzaleek gogor egin zuten hasiberrien aurka. Ez da, irakurleek ondo dakitenez, jeltzaleei bakarrik leporatu dakiekeen ezaugarria. Entzun, bestela, EAk Hamaikabati buruz esandakoak edo Batasunak Aralarri buruz botatakoak. Munduko edozein tokitan aurki daitezke antzeko fenomenoak. Zatitu edo aldendu direnek, maiz, jatorriari zor zaion fideltasuna aldarrikatzen dute eta, salbuespenak salbuespen, sortu berri diren taldeen inguruan egin beharreko batasunari dei egiten diote. 1960ko hamarkadaren amaieran azaldu zen, oker ez banago, abertzaletasunaren batasunaren aldeko lehen kanpaina sistematikoa. BAI (Batasuna, Askatasuna, Indarra) izan zen EAJtik urruntzen ari zen EGI-Batasunak bultzatu zuen ahalegina. Talde horretako asko ETAko kide bilakatu ziren handik gutxira. Beste kontu bi nabarmendu nahi ditut, ordea; begibistakoa bata, baina oharkabean pasatzen dena: batasunak, lehenago, zatiketa eskatzen du. Bigarrena, gehienetan, batasuna apurtu dutenak izaten dira batasuna ozenkien aldarrikatzen dutenak.

Euskal abertzaletasunaren zatiketak ez dio erantzuten inongo teoria konspiratibori. Bere historiaren ezagutzak erakusten dizkigun irakaspenen artean dago honako hau: abertzaletasuna gizarte sektore berrietara heldu den neurrian, zaila izan zaio mezu bakarra mantentzea eta ugaritu egin dira tentsioak eta zatiketak. Gutxi aipatzen den adibidea jarriko dut. Jeltzaleen mezua euskal langileen artean zabaldu zenean, eta batzuek uste eta nahi duten baino oihartzun handiagoa izan zuen, abertzaletasunak eta bere izaera sozialak beste formulazio batzuk hartu zituen. 1936ko Gerra Zibila gertatu ez balitz, ziur aski, hirugarren alderdi abertzale bat agertuko zen, EAJ eta EAEren ondoan. Euskal gizartearen bilakaerari eta EAJren bidearekin zeuden diferentziei eran-tzun zien ETAren sorrerak eta antzeko zerbait esan daiteke azken 40 urte hauetan azaldu diren taldeei buruz. Beraz sakoneko arrazoiak ditu abertzaletasunaren zatiketak. Are gehiago, on egin dio abertzaletasunari. EAEko datuetara mugatuz, indar abertzaleen emaitzarik onena 1986an gertatu zen lau alderdi abertzale aurkeztu zirenean: EAJ, EA, HB eta EE. Lauren artean botoen %67,6 lortu zuten; 2001ean bi zerrenda abertzale baino ez ziren aurkeztu (EAJ-EA koalizioa eta EH), %52,5 baino ez zuten lortu. Nafarroari dagokionez, 1987an HB, EA, EE, EAJ eta Batzarreren artean abertzaleek botoen %27 eskuratu zuten eta 2007an Nafarroa Bairen botoen eta Batasuneko nuloen artean %28ra ez ziren heldu. Arazoa, begibistan dagoenez, ez da abertzaleen zatiketa. Beste gauza bat da, nagusi den hauteskunde sistemak talde handiei eta koalizioei mesede egitea. Eta abertzale guztiek helburu berdinak edukiko balituzte elkar-lana beraien jardunaren ezaugarria izan beharko lukeela. Ez da, ordea, horrela gertatzen.

Bost dira, nire ustez, lankidetza eragozten duten faktoreak. Lehenik eta behin, ETAren presentzia, eta ondo esan dut, presentzia bera oztopo larria baita. Erakunde armatua hor dagoen bitartean, gure erabakiak gainbegiratu eta baldintzatu nahian, nahiz eta ekintzarik ez gauzatu, ezinezkoa da abertzaletasunaren elkarlanak unean uneko urratsak gainditzea. Maltzurkeria da esatea desadostasunak paktatu daitezkeela edo estatuaren gehiegikerien aurrean elkarrekin aritu behar dela, batzuk ETAren bortxakeriaren aurrean mutu gera-tzen diren bitartean. Indarkeria politikoak bere inguruan dagoen guztia kutsatzen du eta aber-tzaletasunak bizi duen krisiaren arrazoietako bat ETAren indarkeriaren aurrean zenbait unetan erakutsi duen epelkeria da. Bigarren arrazoiak lotura estua dauka aurrenekoarekin. Mila kritika egin dakizkioke egun dugun autonomia sistemari, eta asko arrazoizkoak dira, baina euskaldunen gehiengoak ontzat ematen du. Ez dirudi zuzena denik, hari horretan, Nafarroako eta EAEko Legebiltzarretako erabakiak inposatu egiten direla esatea, Batasuna bertan zegoenean Hego Euskal Herriko gizarte osoaren ordezkaritza bertan zegoenean. Bestalde, egin nahi diren aldaketak araututako bide eta prozeduren bitartez gauzatu nahi ditu euskal hiritarren gehiengoak, tranpaz jositako bidea dela jakin arren, Kataluniako estatutuarekin gertatutakoa lekuko. Ez da erraza baldintza hori onartzen ez dutenekin lan egitea.

Bi faktore horiek aldatuko balira, hala nahi omen dugu abertzale guztiok, eredu sozialei buruzko diferentziek ere ez dute aukera handirik ematen lankidetzarako. Ibarretxeren gobernua neoliberalismoaren ikurra eta gailurra baldin bazen, EAJk dirua baino ez badu ikur, AHTk eusko lurra suntsitzea baldin badu helburu, Hamaikabatek karguei baino ez baldin badie erreparatzen, langileriaren prekaritatea areagotu baino ez baldin badute egiten erakunde publikoen neurriek,… Zertarako eta nola nahi dute haiekin batera aritu ezkerrekoak eta abertzaleak diren horiek?

Laugarren faktoreak abertzaletasunaren barruan hegemonia lortzeko dagoen lehiari erreparatzen dio. Bitxia, deigarria eta adierazgarria izan da jakitea balizko polo subiranistaren helburu nagusia, epe laburreera behintzat, ez dela PSE-PP Jaurlaritzatik ken-tzea edo aldundietara heltzea eragoztea, EAJren erreferentzialtasuna kolokan jartzea baino. Aipatu dut arestian EAJk ez duela bere ibilbidean malgutasun handirik erakutsi beste alderdi abertzaleekin lankidetzan aritzeko, baina ez dirudi besteek ere gauza handirik ikasi dutenik. Talde horientzat abertzaleen batasuna aldarrikatzea borroka tresna baino ez da eta ez benetako helburua.

Edozein modutan, azken oztopoa da garran-tzitsuena: abertzaleen batasunak konponduko lituzkeenak baino arazo gehiago sortuko lituzke. Alde batetik, eta kontuak egitea erraza da, ez luke euskal gizartearen gehiengoa biltzeko gaitasunik izango, Euskal Herriak zazpi lurralde biltzen dituela sinesten badugu behintzat. Ipar Euskal Herriko politikan, aber-tzaleen fronte batek ez du gaitasunik esku har-tze eraginkorra bultzatzeko; antzeko zerbait gertatzen da Nafarroan. EAEn, egoera hobea izan arren, ezagunak dira sortuko liratekeen arazoak: Araban ia ezinezkoa litzateke indar españolistei aurre egitea, Bizkaian nekez lortuko litzateke eta Ezkerraldea haien esku geratuko litzateke. Gauza bera gertatuko litzateke, Donostian, Eibarren, Irunen edo Lasarten esaterako. Euskal Herria Atturritik Ebrora heltzen zela erakutsi ziguten. Batzuentzat, an-tza, nahikoa da Leatik Urumeara heltzen baldin bada. Batasuna gauzatuko balitz areagotu egingo lituzke euskal gizartearen barne tentsioak eta bizi dugun egoera ekonomiko eta politikoan enfrentamenduak ez lioke mesederik egingo, ez euskal abertzaletasunari, ezta Euskal Herriari ere. Paradoxikoa iruditu arren, krisi ekonomikoarekin batera ez baldin bada batera gertatzen botere politikoarekin zatiketarik, eta Espainian ez da horrelakorik gertatuko, aldaketa erradikalek ez dute aukera handirik izaten. Are gehiago, egoera horrek sortuko lukeen frustrazioak ez luke, batzuek uste dutenaren aurka, ezker abertzalea elikatuko, nazionalismo espainiarra baino, Lizarra-Garaziren garaian gertatu zen moduan.

Gure ibilbide historikoa eta azken urteetako bilakaera ikusita, Estatuen oposizioa eta egungo euskal gizartearen errealitatea bera (aniztasuna du ezaugarri nagusi) dira abertzaleen asmoak gauzatzeko galga nagusiak. Hori onar-tzen eta geureganatzen ez dugun bitartean nekez lortuko da errealite hori aldatzeko indarrak biltzea.

Mikel Aizpuru Deian

junio 2, 2010 - Posted by | Mikel Aizpuru | , , , , ,

Aún no hay comentarios.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: