Nabaizaleok / Iritzia

Nabaizaleok@wordpress.com

«Euskal Herria independentea balitz, hobeto biziko ginateke»

Iñaki Gerenabarrena. EAJren Araba Buru Batzarreko presidentea

Krisialdi egoera honetan burujabetzaren gaia mahai gainean jartzea gero eta garrantzitsuagoa dela uste du EAJko ABBko buruak, eta ekonomia aldetik «Espainian egotea» ez dela komenigarria iritzi dio.

EAJko zenbait kide tartean harrapatu dituen ustezko ustelkeria kasuan EAJ ez dagoela nahastuta ziurtatu du Iñaki Gerenabarrenak (Gasteiz, 1962). Araba Buru Batzarraren egoitzan hartu du BERRIA.

Sumarioa oraindik sekretua izateak kalte egiten dio EAJri?

Bai, kalte handia egiten dio. Baina ez bakarrik EAJri, baita inputatuei ere, babesik gabe daudelako. Kalean eta hedabideetan epaitzen ari dira, eta oraindik ez dakigu zein delitu leporatzen dizkieten. Argi esan behar dut alderdia ez dagoela nahastuta ustezko ustelkeria kasuan. Gu prest gaude gure kontuak erakusteko, ez dugu ezer ezkutatzeko. EAJk ez du ezer egin, ez dago inolako aferatan sartuta; baina, auzia sekretua denez, ikaragarrizkoak bota dira gure kontra, eta iradoki da alderdiak baduela zerikusirik.

Inputatuak errugabeak direla uste duzu?

Instrukzioan zer dagoen jakin arte inork ezin du esan errudunak edo errugabeak direnik. Errugabetasun printzipioa errespetatu behar da, eta espero dut denak errugabe jotzea.

Salaketa anonimo batetik abiatu zen ikerketa. Atzean nor ote dagoen arrastorik bai?

Orain arte zurrumurruak baino ez ditugu ezagutzen, eta ez dakigu ikerketa salaketa batetik abiatu den ala ez. Ez dakigu ezer, eta jakin nahi dugu.

Kalte egingo dio auzi honek EAJri udal eta foru hauteskundeetan?

Gu ez gaudela auzian nahastuta behin eta berriz esan dugu, baina alferrik, jende asko lehen orrialdeko tituluekin geratzen delako. Zama hau betiko eramango dute bai inputatuek eta bai alderdiak ere. Auziak irauten duenaren arabera, datorren hauteskundeetan zama berarekin egon gintezke. Ziur naiz inputatuak errugabe jota ere auziak kalte egingo digula eta hauteskundeetan zigorra jasoko dugula.

Alderdi barruan zure postua arriskuan ikusi duzu?

Ez, inolaz ere ez. Inputatuak alderdi barruko pertsonak eta lagunak direnez, hedabide askok ni susmopean jarri nahi izan naute. Baina ni prest egon naiz Justiziaren aurrean deklaratzeko, gure kontuak garbi daudelako.

EA gobernukidearekiko harremanak bideratuta daude?

Bai, noski. Bilera bat izan genuen, eta gauzak ongi daude.

Foru gobernua arriskuan egon zen duela bi hilabete. Orain ez, beraz.

Ez, orain ez.

Legealdi zaila izaten ari da Arabako foru gobernuarentzat: zentsura mozioen mehatxua, Aralar gobernutik ateratzea, ustezko ustelkeria kasua… Indarrak geratzen zaizkizue legealdia amaitzeko?

Bai, bai, jakina.Askotan diot krisialdiak kudeatzeko aditu bilakatu naizela. Jaurlaritzan Nekazaritza sailburu izan nintzenean krisialdi askori aurre egin behar izan nien: behi eroen krisialdia, arrantza sektoreko erregaiena… Araba Buru Batzarrean sartu nintzenean Araban oposizioa kudeatzea egokitu zitzaidan, eta ostean, Diputazioa lortzea. Vital Kutxako kargua krisialdi larri baten erdian hartu nuen, eta ondoren ustezko ustelkeria kasua etorri da. Krisialdirik gabeko garairik ez dut ezagutu, beraz.

Urtebete egin du Patxi Lopezek gobernuan. Zer iruditu zaizu?

Balorazioa hiritar edo publizista gisa egitea nahi duzu? Publizista moduan bada, oso balorazio ona egingo dizut, arlo horretan primerako lana egin duelako Lopezek. Zoritxarrez, ez da euskal herritarrok behar duguna. Politika ekonomikoari erreparatuz gero, kudeaketa penagarria egin dute, eta ez dute neurri eraginkorrik hartu. Euskaran, hezkuntzan edota EITBn egin dituzten aldaketak hor daude. Herri moduan eramaten ari diren politika tamalgarria da. Zapaterok markatzen dien politika eta eredu bera eramaten ari dira hemen.

Eta nolakoa izan da EAJk oposizioan egindako lehen urtea?

Legealdi hasieran, esan genuen behartuta geundela oposiziotik gobernatzera, eta horretan ari gara. Gai batzuk norabide egokian jartzen saiatu gara; esaterako, erakundeetako egonkortasuna bermatzeko akordioa sinatu genuen, uste dugulako krisialdian beharrezkoak direla halako akordioak. Baina argi dago gobernuaren norabide ideologikoa PPk zehazten duela eta guk ezin dugula bat egin horrekin.

Zein ondorio izan du erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo soziala babes instituzionalik gabe geratzeak?

Erabaki eskubidearen aldeko gehiengo soziala hor dago, herri bat garelako. Eta Legebiltzarrean gehiengoa izango bagenu, politikaren norabidea bestelakoa litzateke. Esaterako, Gizarte Segurantzaren transferentziarekin hondatutako merkantzia saldu nahi digute, eta nik nahi dudana da hemengo diruak hemen kudeatzea. Erabaki eskubidearen alde gaudenok gehiengoa izango bagenu, beraz, halakoak ez lirateke gertatuko. Uste dut krisialdi egoera honetan autogobernu, independentzia edo burujabetasunaren gaia mahai gainean jartzea gero eta garrantzitsuagoa dela. Euskaldun moduan ez dut nahi espainiarrek kudeatzea nire pentsioaren dirua. Mesfidantza sortzen didate. Burujabetzaren alde nago, beti izan naiz independentista, eta ekonomia aldetik Espainian egotea ez da batere komenigarria. Euskal Herria independente balitz, hobeto biziko ginateke.

Erabaki eskubidearen alde zaudeten alderdien artean elkar ulertzea posible ikusten duzu?

Zerbait lortu beharko dugu, ez baitauka zentzurik hain zatikatuta egoteak. Zergatik gauden horrela? Nork bere buruari begiratu beharko dio. Elkar ulertze horretan beti izan da oztopo ETAren bortxakeria. ETA desagertuko balitz, herriari ez ezik, abertzaleoi ere mesede egingo liguke. Espero dut indarkeria desagertzen bada gauzak aldatzea. Ematen du zerbait gertatzen ari dela ezker abertzalearen barruan, baina erritmoak zeintzuk diren ez dakit, datorren hauteskundeetara iritsiko diren ez dakit… EAJ Alderdien Legearen aurka dago, baina, zoritxarrez, gaur egungo joko arauak dira. Ezker abertzalearekin elkar ulertzea lortzeko, ETAk desagertu behar du, argi eta garbi.

PSE-PP aliantzari aurre egiteko abertzaleen arteko batasuna posible ikusten duzu?

Ez dut esango posible ez denik, baina momentu honetan ikusten dena da PSEk eta PPk akordio bat egin dutela eta iragarri dutela datorren hauteskundeetan aldaketa hori hobetuko dutela. Eta gu, bitartean, adar askotan habiak egiten gabiltza. Ez dut esaten posible ez denik, baina espainolek bidea eginda daukate, eta gu ez gara hasi ere egin.

Zein da EAJren apustua PSE eta PP ituna beste erakundeetara zabaldu ez dadin?

Araban gobernua osatu genuen EA eta Aralarrekin, eta guk hauteskundeetan EArekin joateko proposamena egin genuen. Orain EA non dagoen ez dakit, baina elkar ulertu beharko genukeela argi daukat. Beste gauza bat da elkarrekin zerbait egitea. Uste dut bakoitza bere aldetik joatea dela une honetan errazena, eta gero aurrerantzean ikusiko dugu gai garen elkarrekin zerbait egiteko. Urtebete oso luzea da, eta gauza asko pasa daitezke.

Ezker abertzalearekin elkarlanean aritzea posible da?

Ez dut ikusten ezker abertzalearekiko lan komunik. Hitz egin bai, baina daukagun egoerarekin, eta ETAren indarkeriak jarraitzen badu, akordio politiko bat iristea ezinezkoa da.

Ezker abertzalearen apustua aurrerapausoa da?

Bai. Ematen du ezker abertzaleak eman dituen pausoak sendoak direla. Baikorra izan nahi dut. Urtebetetik hona aldaketa izugarria egon da. Gauzak mugitzen ari direla dirudi, baina noraino iritsiko den ikusteko dago.

mayo 10, 2010 - Posted by | Iñaki Gerenabarrena | , , , , , ,

Aún no hay comentarios.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: