Nabaizaleok / Iritzia

Nabaizaleok@wordpress.com

Serio Demonio: Foru perfekzioa

Udaberria, kezka zaharra

Egunero, goizeko zazpietan sartzen naiz lanera. Asteazkenean, aspaldiko partez, lantokira iritsi nintzenerako egunsentiaren kolore horiztek, gorriztek,

bioletek urratua zuten zeruaren beltza. Lantokirako bidean, ahate har bat ahate eme baten atzetik igerian ikusi nuen, Argako ur lasaietan. Eta mika har bat mika eme baten atzetik hegan, Takonerako zuhaitzetako adarren artean. Lanetik etxerako bueltan, eguzkipean, zamarra erantzita, Biurdana parkeko gereziondo japoniarren adarretan, lehen lore more txiki ederrak ikusi nituen. Eta etxe ondoko parkeko txirristetan, lehen haur zaratsuak loratzen, negu hotz luze eta isilaren ondotik. Argia iluntasunari gailentzen, bizitza eremu mortuak berreskuratzen, udaberria eztanda egiten. Etxean sartzen nintzen bitartean, ikuskari itzel hori guztia buruan, pentsatu nuen aurtengoa udaberri zinez ederra litzatekeela, euskal herritarrak ez bagina, Jon Anzarik eta Jean Serge Nerinik ez balego, hau guztiau konpontzeko urratsak egin behar dituztenak urratsak behingoz emanen balituzte. Ordenagailua piztu, interneten sartu, eta Cabo Verden lan eskaintzak bilatzen hasi nintzen.

Duda mudatan

Lehen paragrafo hori idatzi eta gero, zalantza piztu zaigu: delitua al da? Non dago delituaren muga? Noraino iristen dira Rubalcabaren justiziaren beso, belarri, begi, porra luzeak? Bistan da Jon Anzaren auziak udaberriaz behar bezala gozatzea eragozten digula adieraziz idarokitzen ari garela gure ustez ez zela kausa naturalen ondorioz hil, gure iritziz Espainiako segurtasun indarrak egon daitezkeela honen guztiaren atzean. Hori iradokitzea delitua da, edo delitua heltzen da paragrafo honetan egin dugun bezala iradokitzetik argi formulatzera igarotzen zarelarik? Dena dela, paragrafo honetan ahalkera erabili dugu, Anzaren heriotzaren atzean segurtasun indarrak “egon daitezke” idatzi dugu. Hori delitu da, ala delitua izan dadin indikatiboa erabili behar duzu, Anzaren heriotzaren atzean segurtasun indarrak daudela idatzi behar dugu, oraintxe egin dugun bezala? Zer demokrazia klasetan eduki ditzakezu horrenbeste zalantza eta beldur zeure iritzia emateko tenorean?

Hobekuntzaren hobekuntza

Nola deitu Foru Hobekuntzaren hobekuntzari, Foru Metahobekuntza? Aste honetan, Espainiako Lurralde Politikako ministro Manuel Chaves Iruñean izan da, Miguel Sanz diputazioburuarekin batera estatutu nafarraren erreforma sinatzen. Askok gogor kritikatu dute Foru Hobekuntzaren aldaketa adosteko modua, negoziazioak zuzen-zuzenean Iruñeko eta Madrilgo gobernuek egin dituztelako, foru Parlamentua bazterrean utzirik. Guri, aldiz, egin dutena guztiz logikoa iruditzen zaigu. Bere garaian, Foru Hobekuntza erreferendumik egin gabe jarri zuten indarrean. Hura izan zen galdeketarik gainditubehar izan ez zuen estatutu bakarra. Orain, haren erreforma egiteko tenorean, guztiz logikoa iruditzen zaigu beste urrats bat egitea norabide berean eta herritarrei ez ezik Parlamentuari ere ematea bizkarra. Irudipena daukagu Foru Hobekuntzaren hobekuntza akaso Foru Perfekzio deitu nahiko dutela agintari erregionalistek, aukera ematen baitie nahi dutena egin inori azalpenik eman gabe. Eta inor ez dadila ausartu nafarrok geure buruari eman diogun elkarbizitzarako marko juridiko politikoa kolokan jartzera. Biba foru demokrazia!

Juan Kruz Lakasta eta Zaldieroak Euskalerria Irratian

marzo 23, 2010 - Posted by | Juan Kruz Lakasta | , , , , ,

Aún no hay comentarios.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: